Iñaki Sagredo

publicado por admin el 13 iraila, 2008

Navarra. Castillos que defendieron el Reino.
Tomo I.

De Laguardia a Foix, y del Moncayo al Goierri

Nafarroako gaztelu gehienak txikiak ziren, hori da arazoa. Jendeari gaztelua esan eta hogei dorre eta printze eta printzesak etortzen zaizkio burura. Baina hemen gazteluak oso-oso txikiak ziren. Gehienez ere hamar lagunentzako tokiak. Eta errazago desagertu dira. Arakilgo Iruritakoak, esaterako, harrizko ezproia zuen, ia dena zurez egina. Eta zura desagertu egiten da».

Baina ehunen bat gaztelu izan ziren Nafarroa osoan Erdi Aroan, VIII. mendetik XVI. mendera bitarte. Iñaki Sagredok bildu ditu datu guztiak.

Ehun bat gotorleku, edo zainketa gune. Ehun bat talaia. Printzesarik gabekoak gehienak, baina zelatariak zituztenak, inguruko herrietako morroiak asko, zaintza lanetan txandakatu egiten zirenak. Ehun bat dorre, bizilagunek eurek konpontzen zituztenak. Ehun bat desafio, ehun bat babesleku.

«Baskoien garaian, jabegoak ziren», azaldu du Sagredok. «Hau da, barruti bat, nork bere gortorlekuarekin. Hori zen Nafarroako defentsa. Erregeak jaun bati ematen zion inguru hori babesteko ardura, eta handik urte batzuetara, beste bati». Defentsa partekatuta, alegia.

Lerroka antolatu zen dena, gehienbat ibarrak eta ordokiak menderatzen zituzten muino eta mendilerroetan eraiki baitziren bastioiak. Eta elkarrengandik begi bistan beti. Ebrotik Lizarraraino, denak bisualki komunikatuta. Lizarratik, Iruñeraino, berdin.

Mendeetan, horrek balio izan zuen. Baina artilleria eta oinezko erregimentuak nagusitu zirenean, harkaitzetako gaztelu hauek zaharkituta geratu ziren. Artilleria astunarekin, armada handiek hiri garrantzitsuenak hartzen ahal zituzten, eta Nafarroak ez zuen defenditzeko aukera handirik izan.

Egun, gutxi geratzen da. Gaztelarrek eraitsi egin zituzten ia denak, eta geratu ziren harriak galdu egin dira. Ostu egin dituzte, edo sasiak jan ditu. Eta denborak arraso desegin. Iñaki Sagredok argira ekarri ditu orain.

Duela zortzi urte hasi zen, toponimiarekin hasi zen. Artxiboekin jarraitu zuen gero, denak zerrendatu arte. Hamaika bisita egin dizkie. Hamaika marrazki eta argazki. Eta izango zuten itxura irudikatu du, gainera. Emaitza Pamielarekin kaleratu du orain, Navarra. Castillos que defendieron el Reino izeneko lanean (Nafarroa. Erresuma defenditu zuten gazteluak).

Lana itzela izan da. Inguruan ere ezezagunak ziren eta, askotan, uraska bat zen erreferentzia bakarra. Edo zeramika arrastoak, edo landutako harriak, edo zuhaitzik edo ia belarrik gabeko muino soila, herritik gertu. Moncayo inguruko aztarnak aurkitzeko hamar bidaia egin behar izan zituen. Arakilen dagoen Iruritakoa zehazteko, ibar osoa zeharkatu zuen.

Lana egiteko modua ia berdina izan da beti. Aurkitutakoaren eskema egin, datuak ordenagailura eraman, eta zirriborroa marraztu. Comptosen artxiboetako zehaztasunekin jantzi ondoren -dorre hura konpontzeko ze lan egin ziren; ibairantz ematen zuen pareta hari buruzko zehaztasunak-, planoak eta argazkiak gehitu zituen. Dena elkarren ondoan jarri zuen gero.

Emaitza ikusgarria da, baina ez da hori bakarrik. Sagredok, behintzat, ez du hori bakarrik egin nahi izan. Lau gaztelu baino ez daude zutik. Xabierkoa, 1516an goialdea moztu ziotena; Erriberrikoa, XIX. mendera arte erabat utzia egon zena; Martzillakoa, oinarrizko zaharberritzea eskatzen ari dena, eta Monjardineko gotorleku zaharra. «Utzikeria honengatik, historiaren bidegabekeriagatik, konkistatzaileek desegin nahi izan zuten memoria altxatuko zuen lana behar zen», idatzi du egileak, aitzinsolasean.

Liburua benetako aurkikuntza da. Lehen aldiz, Nafarroako errege-erreginek eraikitako defentsa sarea osorik aztertu da, eskualdeka. Bigarren liburukia kaleratzen duenean, datorren urtean, Euskal Herri osoa hartzen duen gotorleku eta gazteluen zerrenda aurkeztu ahal izango du egileak. Bizkaitik, Ebroraino.

Navarra. Castillos que defendieron el Reino.
Tomo II.

Antso III.aren gazteluak, Goi Aragoin, Sobrarben eta Ribagorzan

Navarra. Castillos que defendieron el Reino. Los castillos de Sancho III, el Mayor en Alto Aragon, Sobrarbe y Ribagorza (Nafarroa. Erreinua defendatu zuten gazteluak. Antso III.aren gazteluak, Goi Aragoin, Sobrarben eta Ribagorzan) Nafarroako gazteluei buruzko bigarren liburukia aurkeztu berri du Iñaki Sagredo historialariak (Irun, 1967). Joan den urtean ateratako aurreko liburukian, batez ere Nafarroa eta bere mugen inguruko eremuetako gazteluak aztertu zituen. Orain, berriz, Antso III.a erregearen garaira salto egiten du egileak, eta historian kokatzeko zenbait datu eman ondoren, errege horren Goi Aragoi, Sobrarbe eta Ribagorza eskualdetako gazteluen nondik norakoak aztertu ditu.

Antso III.a Gartzez Nagusia (1004-1035) Nafarroako Historiako errege garrantzitsuenetakoa izan da, hainbat historialarien iritziz. Baina, Nafarroako erreinuko errege handiena izan zenez eta haren erregealdian baskoien eremu guztiak batuta egon zirenez, bigarren plano batean utzi izan dute historialari espainiarrek.

Nafarroako errege horren erregealdiaren hasierako urteurrena izan denez, hainbat erakusketa, liburu eta hitzaldi izan dira azken urteetan Nafarroan. Baina, egindako lan berri horietan, hutsuneak oraindik badaudela esan du Sagredok. «Antso III.aren erreinuaren lurralde antolaketa eta defentsa nolakoa izan zen gehiago argitzeko balio du nire lanak».

Bestetik, Nafarroako erreinuak Aragoiko historian parte-hartze garrantzitsua izan zuela, eta egungo agintariek horren berri ezer gutxi esaten dutela salatu du Sagredok. «Aragoin barrena barreiatuta dauden nafarrek egindako gazteluetara joan naiz, eta han dituzten informazio paneletan, turismo liburuxketan eta jartzen dituzten dokumentaletan Nafarroako erreinuari buruzko aipamenak eta datuak sistematikoki isildu dituzte. Liburua nafar eta aragoitarren eragin eta harreman estu eta kultural hori argitzen saiatzen da». Horretan, Ana Telletxea euskal filologoak eginiko toponimiari buruzko hitzaurreak asko laguntzen du.

Horrez gain, liburua turismo gida gisa erabiltzeko aproposa dela aipatu du Sagredo historialariak. Historialarientzat baino gehiago publiko orokorrarentzat dela ere uste du.»Liburua erraz irakurtzeko egina dago, eta horretan argazkiek asko laguntzen dute. Gainera, Goi Aragoi, Sobrarbe eta Ribagorzako gazteluak oso ikusgarriak dira, eta inguruko paisaiak are gehiago».

Nafarroarekin alderatuta, Aragoin gaztelu gehienak oraindik zutik daudela nabarmendu du egileak. «XVI. mendeko konkista pairatu ez zutenez, Aragoiko gaztelu gehienak nahiko egoera onean daude, ia-ia zutik. Batzuk, gainera, zaharberritu dituzte, eta oso ongi daude».

ANTSO III.AREN BABES LERROA. Nafarroako gaur egungo probintziaren gainean agintzeaz gain (Tuterako eskualdea izan ezik, musulmanen eskuetan baitzegoen), Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Gaztelako Konderrian, Errioxan, Goi Aragoin, Sobrarben eta Ribargorzan ere agindu zuen Antso III.ak. Haren erregealdia laburra izan zen, eta are laburragoa berak utzitako erreinu handia.

Nafar erregeak lau seme izan zituen, eta bera hiltzean haien artean borrokan hasi ziren. Ondorioz, erreinua erabat zatikatua gelditu zen, eta Nafarroako erreinuaren urte onenak amaitu ziren. Nafarroako errege leinutik sortutako erreinuek, Gaztela eta Aragoi, Nafarroakoa irentsi zuten, bost mende geroago.

Antso III.ak herentziaz jaso zuen Goi Aragoiko konderria, baina haren erreinaldia hasi zenean, Sobrarbe eta Ribagorza Nafarroako erreinutik kanpo zeuden. Diplomazia eta indarraren mehatxua erabilita, bi lurraldeen jabe egin zen. Horrela, bere erreinua, egungo Nafarroatik hasita, Herrialde Katalanetaraino hedatu zuen.

Eremu osoa Nafarroaren eskuetan jartzean, mendebaldetik ekialdera defentsarako gaztelu lerro bat eraikitzea agindu zuen Nafarroako erregeak, hiru eskualdeak musulmanen erasoetatik babesteko. Antso III.ak konkistatu berri zuen eremua kontrolpean eta salbu eduki nahi baitzuen, eta Erdi Aroan hori gazteluekin lortzen zen.

Horrela, gaztelu sare bat eratuz joan ziren. Hiru eskualdeak haranak direnez, arroen ahoetan eraiki zituzten gaztelu garrantzitsuenak musulmandar gudarosteen sartualdiak eragozteko. Eremuaren defentsa ziurtatzeko, zortzi gaztelu eraiki zituzten mendebaldetik ekialdera: Sos, Biel, Murillo eta Loarre (Aragoi), Boltaña eta Abizanda (Sobrarbe) eta Perarrua eta Roda (Ribagorza). Aipatutako horiek aparte, bigarren mailako gotorleku guneak ere eraiki zituzten. Mendebaldetik ekialdera eremua osoa eskualde txikiagotan banatu du Sagredok, eta 29 gaztelu aztertu ditu liburuan. Aurreko liburukian bezala, lan metodologia berbera erabili du. Batetik, gaztelua egun nola dagoen ikusteko, hainbat argazki atera ditu, eta bestetik, agiritegi ugari arakatu ditu, gazteluek historian izan duten pisua aztertzeko.

Argazkietan, ikusgarrienak airetik ateratakoak dira; Sagredok argazki horiek ateratzeko autogiro batetik atera ditu. Baina, airetik ateratakoak aparte, egileak lurretik eta gazteluen barnealdetik ere argazki asko atera ditu. Horrela, gazteluaren alde guztiak agerian utzi ditu.

LOARRE IKUSGARRIENA. Aztertu dituen 29 gazteluetatik, batzuk oso hondatuak daude denboraren poderioz. Baina, badira beste batzuk nahiko ongi mantendu direnak. Horien artean, Loarre, Sos, Biel, Ainsa, Abizanda eta Muro de Roda dira aipatzekoak. Ezbairik gabe, Loarrekoa da ikusgarriena eta handiena.

Loarre Antso III.aren aginduz eraiki zuten, eta Europako gaztelu erromantikoen artean adibide garbiena dela uste dute historialariek. Musulmanek hiru gaztelu zituzten eskualdean, eta mehatxu horri aurre egiteko, gaztelu sendoa eraiki zuten nafarrek. Hasierako gaztelua harkaitzaren gainean goratu zuten, baina toki estrategikoa zenez, erreforma gehiago egin zizkioten, egun duen itxura ikusgarria hartu arte. XIII. mendean, adibidez, gazteluaren inguruko harresia egin zuten.

Hainbat filmetan ere atera izan da Loarreko gaztelua. Duela urte batzuk, Ridley Scott zinemagile iparramerikarraren Kingdom of heaven gurutzadetan girotutako filmeko hasiera eta bukaerako eszenak Loarreko gazteluan eta bere inguruan grabatu zituzten.

Navarra. Castillos que defendieron el Reino.
Tomo III.

La Navarra occidental, la frontera del mar.

Nafarroa. Erreinua defendatu zuten gazteluak liburuen hirugarren alean, Iñaki Sagredo historialariak (Irun, 1967) Nafarroako Erreinuko bertze zati bat aztertu du, itsasaldea, gaur egungo Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa alegia. Dioenez, ale hori zerutik hartutako Erdi Aroko arrasto polit batzuk baino gehiago da. Euskal Herriaren zatiketa ulertzeko oinarrizkoa da, eta etorkizunari begira kontuan hartu beharrekoa.

Aitzineko bi aleetan, Nafarroa eta Goi Aragoiko, Sobrarbeko eta Ribargotzako gazteluak aztertu zituen, eta, oraingoan, Nafarroako Erreinuko mendebaldea aztertu du. Guztira Erdi Aroko 40 gaztelu zenbatu ditu, gehienak Araban daude. Gaztelako Erreinuak mehatxatzen zuen aldean hain zuzen. Liburua zerutik hartutako argazkiz osatuta dago, baina, horretaz gain, egileak azalpen franko gehitu ditu irakurleak hobeki uler dezan; hala, garaiko gazteluak irudikatzen dituzten marrazkiak, mapak eta artxiboak daude.

Sagredok bi eratan sailkatzen ditu aztertu dituen gazteluak, alde batetik, defentsarako zirenak, eta bertzetik, eremu baten kontrolatzeko zirenak. Inbasio arriskua Ebro bestaldean zegoela eta, gaztelu gehienak Araba hegoaldeko pasabideetan zeuden, eta etsaiek bi defentsa lerro gainditu behar zituzten Gasteizko hiria erasotu ahal izateko.

Gainerako gazteluak eskualdeak kontrolatzeko ziren, eta arriskua anitzez txikiago izaki proportzionalki bakanagoak.

Defentsarako izan edo kontrolerako izan, denek ezaugarri berdintsuak zituzten. Iristeko zailak ziren tokietan eraikitzen zituzten, harkaitz edo tontor baten gainean. Altueran izateak bi abantaila zituen, batetik etsaiari erasotzeko trabak ematen zizkion, baina, denbora berean, ibar eta eskualde osoak kontrolatzeko gaitasuna ere bai. Arkitekturari dagokionez, dorreak eta harresiak harrizkoak izaten ziren, baina zura ere erabiltzen zuten hesi, biltegi eta bizilekuen egiteko. Sagredok aztertu dituen gaztelu gehienetan dorreak laukidunak ziren, eta kasu bakar batzuetan borobilak. Pareten zabaltasuna ikusgarria zen metro eta metro eta erdi artekoa.

Gaztelu bakoitzean, zaldun bat eta soldadu talde bat bizi ziren, 5 eta 15 lagunen artean alegia. Lekuak eta inguruak zaindu behar zituzten, baina bakea zelarik denbora gehiago pasatzen zuten armak garbitzen, ehizan, egurra biltzen eta zaldiak zaintzen. Otorduen prestatzeko sukaldari bat egoten zen soldaduen artean, eta bertze bat landaretan aditua zena, eritasunak eta zauriak sendatzeko. Gizonen mundua zen eta emakumerik ez zen gazteluetan sartzen. Dirudienez, gaualdiak eta aisialdia jokoetan pasatzen zuten. Horren froga dira Mendikute eta Ausako gazteluetako indusketetan aurkitutako hezurrezko dadoak eta fitxak.

Gazteluetan zer jaten zuten jakiteko, aski da kontuen artxiboan miatzea. Ardikia, behikia, arraina, gasna, garia eta babak maiz erosten zituzten. Ardoa ezinbestekoa zen, eta gaztelu guzietan upategia bazeukaten. Indusketetan aurkitu diren hezurren arabera, ardikia zen gehienetan jaten zutena, eta ondotik zerrikia eta behikia. Arraina eta zaldikia, berriz, oso gutitan izaten zituzten.

HISTORIARA PASATUTAKO «GEZURRA». XVII. mendean Garibai historialariak Euskal Herriko zatiketari buruzko teoria sustatu zuen. Zioenez, 1200. urtean Nafarroako Erreinuko zati hau Gaztelaren Erreinuaren alde pasatu zen bere kabuz. Geroztik, historiako liburuetan ideia hori nagusitu da, baina Iñaki Sagredo horrekin ez dago ados, eta liburu horrekin frogatzen du indarrez egindako konkista izan zela.

Garaiko Nafarroako foruek ziotenez, bere gaztelua etsaien esku uzten zuen zalduna gogor zigortua izanen zen, eta erreinutik kanporatua. Baina XII. mendean, nahiz eta, Nafarroako mendebaldea galdu, urte batzuk beranduago zaldun batzuk Nafarroako erregearen aginduetara segitzen zuten. Hau da, Donostiako Joan Bidaurreren kasua. 1199an Mota, Belagoa eta Hondarribiko gazteluen jabea zen, eta 1237an, Nafarroako erregearentzat lanean segitzen zuen Irurita, Mendigorria, Viana eta Los Arcosen. Adibide horrek agerian uzten du ez zela traiziorik izan, baizik eta inbasio bat.

Bestalde, Ausa eta Ataungo gazteluak galdu eta berehala berreskuratu zituen Nafarroako Erregeak. Horri Sagradok garai haietako borroka baten antza handia ikusten dio.

Nafarroako artxiboak galdu ziren, baina Monastegietakoak ez. Hala, Irantzukoetan, Gaztelako tropen aurkako kexak agertzen dira mozkinak eta abereak lapurtu zituztelako. Historialariaren ustez, horrek erakusten du eskualde horretan kanpoko soldaduak egon zirela. Gisa berean, Vianako printzeak horrela zion 1450ean idatzitako kronika batean. «Indar guziak egin zituzten borrokatzen, baina azkenean amore eman behar izan zuten, eta horrela hartu zituzten Araba eta Gipuzkoako lurra».

Gaztelako artxiboek berek gezurtatzen dute haien teoria. Sagredok aurkitu duen testamentu batean, Alfonso VIII.a Gaztelako erregeak zion indarrez konkistatutako lurrak Nafarroako Erregeari itzuliko zizkiola. Hil zorian zen, eta pentsa daiteke bere kontzientzia garbitu nahi izan zuela. Horrelako dokumentu anitz omen daude, baina historialariak dioenez gaur egun ere «trabatzen» dute, eta nahiago izaten da «gezurra» irakatsi egia baino.

Azala

Navarra. Castillos que defendieron el Reino.
Tomo IV.

El Reino de Pamplona (810-1173). La Rioja, La Riojilla, La Bureba, Cantabria

En este IV tomo se estudian las tenencias-castillos del reino de Pamplona/reino de Navarra, en las regiones históricas de La Rioja, La Riojilla, La Bureba y Cantabria.

Tras la pérdida de esos territorios, y durante siglos, Navarra intentó infructuosamente de recuperarlos, pero las sucesivas conquistas sufridas en 1054, 1076, 1175, 1199, 1460 y 1512 debilitaron su capacidad para lograrlo.

La Rioja formó parte fundamental del Reino, llegando a ser Nájera una de las sedes reales de mayor importancia, y García el de Nájera uno de sus monarcas más destacados. En pocos lugares como Santa María la Real quedan tantos testimonios de su pasado navarro, como el panteón real y los numerosos símbolos allí vigentes.

Un elemento de interés, del que trata la introducción, es la toponimia vasca del territorio, que coincide en lo fundamental con los territorios históricos pamploneses o navarros. Territorios que marcaron los límites de expansión del Reino.

ELKARRIZKETA

x. harriague
Berria.info

Zergatik lotu zinen horrelako lan bati?

Oso garrantzitsua iruditzen zait jendeak bere ondarea ezagutzea, eta horren arabera gaur egungo gaietan erabakitzea. Hirugarren liburu hau sentimentuekin lotuta dago, gaur egungo politikariek Nafarroako zati hori ezkutatu nahi dutelako. EAE eta Nafarroako muga gainditu behar izan dugu, garai hartan nafar guziak euskaldunak zirelako, eta euskaldun guziak nafarrak. Mugak bertze nonbait ziren. Jendeari ulertarazi nahi diogu alde horretan batzuk zergatik nafarrak sentitzen diren. Bestalde gezurtatu nahi dugu historialari anitzek sustatzen duten teoria erranez, Gipuzkoako zaldunak Gaztelaren alde pasatu zirela XII. mendean. Hori ez zen hala izan. Inbasio garbia izan zen, eta, beraz, guztiz salagarria. Hala ere, guk ez dugu politikarik egin nahi, baina argi utzi garai batean Nafarroa eta EAE guztiz lotuak izan direla.

Nola lan egin duzu liburu horren osatzeko?

Bertze liburuetan bezala, ikerketa lan sakona egin behar izan dugu, gelditzen diren arrastoez hasiz, eta, ondotik, irudikatuz gazteluak nolakoak izan zitezkeen. Oraingoan zailago izan da, garai horretaz dokumentazio oso guti dagoelako. Hori guzia zerutik hartutako argazkiekin osatu dugu, oso adierazgarriak direlako irakurle arruntentzat.

Zer-nolako baliabideak izan dituzu?

Erakunde publikoetatik ez dugu batere diru laguntzarik jaso seguraski nahi ez duten zerbait egiten dudalako. Beraz, ahal bezala ibili naiz, argazkiak nik neuk atereaz segurtasun neurri oso guti dituen autogiro batetik.

Gaztelu horiek zer-nolako egoeretan daude?

Gehienak egoera oso txarrean, eta lan horrekin ere, salatu nahi dugu horien inguruan dagoen utzikeria. Batzuekin neurriak ez badira laster hartzen guziz desagertuko dira.

Nolako erantzuna izan dute aitzineko bi aleek?

Nahiko ona egia erran, segur aski Nafarroako historia aipatzen dugulako bertze ikuspuntu batetik. Gazteluei buruzko liburuak dira, baina kontuan hartu behar da gazteluetan oinarritzen direla Nafarroako historia azaltzeko. Horretaz gain, arrakasta izan dute, nire ustez, sentimentuen ikuspuntutik eginak daudelako, ez orain arte argitaratu diren bertze anitz bezala.

Nafarroako Erreinuko gazteluei zuzendutako zure azken liburua ahal da?

Ez, hemendik sei hilabeteren buruan Nafarroako Erreinuko Kantabria eta Errioxako gazteluei buruzko laugarren liburua plazaratuko dut. Segur aski hori izanen da azkena.